Deustuko Medikuntza gradua 2020ko irailean hasiko da ematen
Asunción Klinika da unibertsitatearekin lankidetza-hitzarmena sinatu duen 18 zentroetako bat, ikasleek praktikak egin ahal izan ditzaten
Deustuko Unibertsitateak Medikuntza gradua jarriko du martxan irailetik aurrera. Titulazio berriak 80 plaza eskainiko ditu, elebiduna izango da – Ingelesez eta gaztelaniaz, euskarazko ikasgaien aukerarekin –, eta prestakuntza praktikoak protagonismo handia izango du. Donostiako campusean emango den Fisioterapian ere gradu bat jarriko du martxan unibertsitate jesuitak; 120 plaza izango dira, erdiak euskaraz eta gainerakoak gaztelaniaz.
Medikuntza graduak ikaskuntzaren metodologia berriak aplikatuko ditu, McMasterreko Unibertsitateak (Kanada) bultzatutako "arazoak konpontzeko" eredu batean oinarrituta, eta AEBetako fakultate gehienek hartu dutena. Horrela, ikasleek lehen egunetik ikusten dituzte osasun arloko profesionalak aurre egin beharreko arazoak.
Prestakuntza praktikoa
Prestakuntza praktikoak, gainera, protagonismo handia izango du. Lehen bi mailetako ikasleak begirale gisa joango dira Larrialdietako zerbitzuetara, eta unibertsitatean bertan jartzen ari diren ospitale birtualean simulazioak egingo dituzte, laborategiko lana osatzeaz gain. Hirugarren mailan osasun zentroetan hasiko dituzte praktikak, eta seigarrenera arte luzatuko dira. Horrez gain, laugarren ikasturtean atzerriko unibertsitate batean egonaldia egingo dute.
Asunción Klinika izango da Unibertsitateko ikasleek praktikak egin ahal izango dituzten 18 zentroetako bat; besteak beste, IMQ Taldea – Zorrotzaurre klinika, Andre Maria Zuria, eta Amarika, Kolon eta Zurriola zentroak –, Quiron Salud Bizkaia; Gasteizko Poliklinika, Asuncion Taldea (Gipuzkoa); Vithas San Jose Ospitalea (Gasteiz); Aita Menni (Arrasate); Santurtziko San Juan de Dios; Intermutual. Bilboko Institutu Kliniko Oftalmologikoak eta CIC bioGUNE eta biomaGUNE ikerketa zentroek ere parte hartuko dute ikasleen prestakuntzan.
Comments